
| Euskera | Castellano |
trikitixaz dastatzeko abesti sorta

Aurten ere Bizkaiko Trikitixa Elkarteak Bizkaiko Trikitixa Eguna antolatu du. Topaketa hau maiatzaren 19an, larunbata, izango de Loiun. Hauxe izango da eguneko plana:
-12:00etan trikitilariak eta eskolak Loiura heldu eta herritik kalejirak hasi
-15:00etan bazkaria Loiuko frontoian
-18:00etan erromeria Aire-Aire taldearekin Loiuko plazan
Bazkariko menua: patatak errioxar erara – oilaskoa entsaladarekin – hostopil tarta izozkiarekin + ogia + edariak + kafea. Prezioa: 18 euro.
Bazkarian izena emateko deitu 665 716 390 telefonora edo idatzi bizkaia@trikitixa.net helbidera. Bazkarira apuntatzeko azken eguna maiatzaren 14a izango da.
Eskertuko genizueke zuen ikasle eta lagunen artean informazioa zabalduko bazenute.
Animatu zaitezte!

“Erramunen soinua” umeei zuzenduriko Bizkaiko Trikitixa Elkartearen argitalpena da, liburu eta diskoz osatua. Unai Elorriagak idatzitako istorioan, pertsonaia xelebre batzuei gertatzen zaizkien pasadizoen bidez, trikitixaren nondik-norakoak azaltzen dira: nondik datorren, zelan jotzen den, zeintzuk erritmo erabiltzen diren, etab. Ipuinean zehar pertsonaiek hainbat kanta abesten dituzte, diskoan biltzen direnak hain zuzen ere. Kanta horien letrak ipuinean txertaturik ageri dira, baita pieza horiek trikitixarekin jotzeko partiturak ere. Partitura hauek trikitixa ikasleei zuzenduriko oharrekin ageri dira, kasu bakoitzean nota non dagoen edo zein atzamarrekin jo behar den jakiteko. Liburuaren amaieran aipaturiko oharrak ulertzeko argibideak eskaintzen dira. Musika egitearen eta transkribatzearen ardura Xabi Aburruzaga eta Jose Urrejolarena izan da; Unai Elorriagak idatzitako letretatik abiatuz pieza berriak sortu dituzte. Eider Eibarrek proiektu honetan hain garrantzitsuak diren irudiak egin ditu. Istorio, musika, irudi eta partiturez gain, jolasak ere aurkituko dituzue lan honetan.
Proiektu honekin Bizkaiko Trikitixa Elkarteak hainbat helburu lortu nahi izan ditu. Alde batetik, ohikoak diren trikitixa sustatzea eta irakaskuntzan laguntzea. Bestetik, orain arte jorratu gabeko publiko bati, umeei, materiala eskaintzea.
Lan hau Bizkaiko Trikitixa Elkarteak argitaratu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.

2011ko azaroaren 19an Getxon, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, 19:00etan.
Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren edizio honetan ere, aurreko urteetako ikuskizunen helburua mantentzen da; hau da, trikitixa jotzeko era eta estilo ezberdinak erakutsi nahi dira, baita trikitixa (musika tresna) munduan zehar beste musika tresna batzuekin zelan uztartzen den ere. Horrela, Bizkaiko Trikitixa Elkarteak lantzen dituen ildoak jorratzen ditu Nazioarteko Trikitixa Jaialdiak. Batetik, irakaskuntza lantzen da; aipaturiko musika tresna, estilo eta jaialdian joko duten trikitilariak ezagutzera emanez. Bestetik, trikitixa bera sustatzen da; izan ere, jaialdi hau edozein publikori zuzentzen zaio (trikitixa ikasleei, trikitixa irakasleei, trikitixa eta orokorrean musika zaletuei, folklore zaleei, umeei, helduei, ... ).
Partaideak:
GALIZIA: Bieito Romero, Xan Cerqueiro eta Diego Barral
KATALUNIA: Guillem Anguera, Hector Beberide eta Isidre Sans
EUSKAL HERRIA: Kris eta Xabi Solano; Kepa Junkera eta Jose Luis Canal; eta Urtzi Enrikez eta Marc del Pino (katalana).
Jaialdia bukatu ostean, urteroko Trikisession-a ospatuko da Areetako Glass tabernan. Bertan, jaialdian parte hartuko duten musikariek aukera izango dute, era informalago batean, elkarrekin jotzeko, inprobisatzeko, ... Glass-eraino hurbiltzen diren musikari eta zaleek ere eurekin batera jo, kantatu eta dantzatu ahal izango dute.
Sarrerak Nazioarteko Trikitixa Jaialdia hasi baino lehenago Andres Isasiko leihatilan erosi ahal izango dira. Aldez aurretik, BBK eta Algortako Kultur Etxearen bitartez eskuratu ahal izango dira; azaroaren 2tik aurrera (prezioa 8,00 euro). Trikisession-erako sarrera librea da.
Nazioarteko Trikitixa Jaialdia Bizkaiko Trikitixa Elkarteak antolatzen du, Getxoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.
Udazkenarekin batera Bizkaiko Trikitixa Elkartea berriekin dator bueltan.
Urtero bezala, aurtengo Nazioarteko Trikitixa Jaialdia Areetako Andres Isasi Musika Eskolan ospatuko da (Getxo). Zita azaroaren 19an izango da eta bertan, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko trikitilariak izango ditugu oholtza gainean.
Bestetik, Durangoko Azokarako argitalpen berri bat izango dugu eskuartean. Hau umeei zuzenduriko ipuin bat izango da, non pertsonaia oso xelebre batzuen istorioen bidez, trikitixaren historia, xehetasunak, jatorria, zelan jotzen den, ... ikasi ahal izango dituzten. Gainera abestiak, partiturak eta jolasak ere ekarriko ditu liburuak.

Oskar Estanga trikitilariak kalejira bat sortu du Euskal Herriko Trikitixa Egunean Tiliñori egingo zaion omenaldia dela eta. Partitura bizkaia@trikitixa.net helbidean eskatu dezakezue, zuek, zuen ikasleek, lagunek, ... ikasi eta egun horretan gainontzeko trikitilariekin batera jo ahal izateko.
Fredi Paiak idatzi du abestiaren letra:
TILIÑO
Durangon bazkalduta Arriandin gora
Oromiñora goaz Tiliñon ondora
Ai oi ene Arriandin gora
Serafinen soinua datorkit gogora
Ai oi ene Tiliñon ondora
Durangon bazkalduta Arriandin gora
Baserririk baserri Tiliñon irria
Omenaldien kabi Iurreta herria
Ai oi ene Tiliñon irria
Musikari zaharren bizitza berria
Ai oi ene Iurreta herria
Baserririk baserri Tiliñon irria
Herria egin duzu dantzari-harritik
Eskerrik asko zuri bihotz-bihotzetik
Ai oi ene dantzari-harritik
Nor garen gogoratzen laguntzeagatik
Ai oi ene bihotz-bihotzetik
Herria egin duzu dantzari-harritik

Bizkaiko eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Euskal Herriko Trikitixa Eguna antolatu dugu Iurreta-Durangon 2011ko Ekainaren 4rako. Trikitixa Egunaren egitaraua hauxe izango da:
11:00etan: Iurretan bildu. Ondoren kalejira Iurretan eta Durangon
12:30ean: Tiliñori omenaldia Iurretako plazan (Iurretako dantzariak, Zabaleta eta Mutriku eta bertsolariak izango dira besteak beste)
14:30ean: Bazkaria Landakon
17:30ean: GOZATEGI taldearekin erromeria
19:30ean: jaiaren amaiera.
Landakon bazkaltzera geratu nahi duenak aurrez egin beharko du erreserba eta ordainketa MAIATZAREN 26a baino lehen.
Izena emateko aukerak:
Emailez: trikitixa@trikitixa.net
Telefonoz: 943 83 28 28
Bazkaria: 15 €
Aurrez abisatuz gero, zeliakoentzat menu berezia egongo da.
EGUNEAN BERTAN EZINGO DA BAZKALTZEKO IZENIK EMAN.
Asteburu honetan, apirilak 30 eta maiatzak 1, Bizkaiko Trikitixa Elkarteak Portugaleteko Folklore Azokan parte hartuko du, bertan stand bat jarriz. Aukera izango duzue elkartea ezagutu, argitalpenak ikusi eta erosteko, bazkide egiteko, ... Animatu zaitezte!
Badira aste batzuk 2011. urte hau hasi zenetik eta Bizkaiko Trikitixa Elkartean ere martxan jarri gara dagoeneko. Iaz bezala, aurten ere Trikitixa Eguna ospatuko dugu; eta aurreko urteetan egin dugun bezala, Nazioarteko Trikitixa Jaialdia antolatu eta azoka ezberdinetan hartuko dugu parte.
Aurtengo nobedadeak umeei zuzenduriko trikitixaren inguruko ipuin-CDa eta panderoa jotzen ikasteko CDa izango dira.
Web orrialde honen eta Facebook-aren bitartez xehetasun gehiago emango dizkizuegu hauek lotzen joan ahala.
Azaroaren 6an, larunbata, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan (Getxo), 19:00etan.
Partaideak:
-Filippo Gambetta eta Claudio de Angeli ITALIA
-Blai Casals eta Manu Sabaté KATALUNIA
-Imosima BRETAINIA
-Mirari Azkune eta Aitziber Otegi; Xabi Aburruzaga eta Jose Urrejola; eta Kupela taldea EUSKAL HERRIA
Mikel Martinez eta Patxo Telleriak aurkeztuko dute saioa. Ondoren, urtero bezala, Trikisession-a antolatu dugu Areetako Glass tabernan.
Sarrerak urriaren 25etik aurrera egongo dira salgai, Getxoko Kultur Etxea eta BBKren bitartez (6 euro).
Dagoeneko bagabiltza aurtengo Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren prestaketa lanetan guztiz murgildurik. Aurtengo zita azaroaren 6an izango da, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan (Getxo). Bertan Italia, Catalunya, Bretainia eta Euskal Herriko musikariekin aurkituko gara; baita aukezle lanetan arituko diren bi aktore umoretsuekin ere.
Hurrengo asteetan informazioa zabaltzen joango gara web orri honen, Facebook-aren eta e-mailen bidez.
Igandean ospatu genuen Trikitixa Eguna ezin hobeto joan zen bertara hurbildu ziren trikilari eta zaletu guztiei esker. Bizkaiko leku ezberdinetatik heldu ziren Getxora (Getxo, Portugalete, Bilbo, Gernika, Mungia, Durango, Berriz, Barakaldo, Sopelana, Plentzia, ...), baita Gipuzkoatik trikitixa eskola bat ere. Eguraldia ere lagun izan genuen 150 trikitilari bildu zituen festa honetan. Getxoko kaleak trikiti doinuekin alaitu ondoren, hurrengo urteko Bizkaiko Trikitixa Egunean pentsatzen hasi gara dagoeneko.
Triki ta ke taldearen erromeria hasiera batean Tellagorri plazan izango zela iragarri zen. Azken orduko aldaketa bat dela eta erromeria Algortako metroko plazan egingo da.
Gogoratu maiatzaren 7an bukatuko dela Bizkaiko Trikitixa Eguneko bazkarian izena emateko epea. Bazkarira apuntatzeko ezinbestekoa da Bizkaiko Trikitixa Elkarteko kontu korrontean pertsonako 18 euroko diru-sarrera egitea, izen-abizenak eta trikitixa eskola edo taldea zein den adieraziz.
Bizkaiko Trikitixa Elkarteak maiatzaren 16an Sondikan ospatuko den Bizkaiko Dantzari Eguneko Azokan parte hartuko du. Bertan gure argitalpenak ezagutu eta erosteko aukera izango duzue, baita elkarteko bazkide egiteko zein elkartearen inguruko berri izan edo zuen ideiak eta proposamenak guregana helarazteko.
.jpg)
Menua (18 euro):
Paella - oilaskoa entsaladarekin - hostopil tarta izozkiarekin + ogia + edariak + kafea
Bazkarira apuntatzeko azken eguna maiatzaren 7a izango da. BBK 2095 0022 00 9105970729 kontu korrontean sartu behar da menuaren dirua, izen-abizenak eta trikitixa eskola edo taldea zein den adieraziz, mahaiak antolatu ahal izateko.

Maiatzaren 23an Getxon:
-12:00etatik aurrera kalejirak herrian zehar trikitixa eskolekin
-14:30etan trikitixa eskolen topaketa Algortako Tellagorri plazan
-15:00etan bazkaria Algortako Zabala Eskolan
-17:30etan erromeria Triki ta ke taldearekin Algortako Tellagorri plazan
Bizkaiko Trikitixa Elkartea buru-belarri dabil Bizkaiko Trikitixa Egunaren antolaketan. Trikitilari eta zaleentzako egun hau Getxon ospatuko dugu aurten, maiatzaren 23an. Kalejirak, trikitilari eta eskolen arteko topaketa, bazkari herrikoia, erromeria, ... denetik izango dugu giroa alaitzeko!

Bizkaiko Trikitixa Elkarteak kaleratu berri duen partitura liburuaren aurkezpena egin genuen urtarrilaren 28an. Liburu honek ikasleei zuzenduriko trikitixarako partiturak biltzen ditu; baina hori bakarrik ez, trikitixaren inguruko azalpenak, abestien letrak, akordeekin zelan jo ikasteko informazioa, ... ere aurkituko ditugu bertan.
Oro har, bazkal edo afalostetan jaigiroan jotzen eta kantatzen diren piezekin osatu du liburua Ruben Isasik. Bera izan da errepertorioa zehaztu eta transkribapenak zein azalpenak egitearen arduraduna. Eneko Aldai ondoan izan du diseinu lanak egiten.
"Jan osteko menua; trikitixaz dastatzeko abesti sorta" webgune honen bidez lortu dezakezue "denda" atalean.
Estreinatu berri dugun webgune honen bidez elkartearen berri emango dizuegu, nortzuk garen, zer egiten dugun, zeintzuk ekintza burutuko diren, ... Era berean, zuek guri ere iradokizunak edo ideia berriak helarazi ahal izango dizkiguzue, horretarako sortu dugun "kontaktua" atalaren bidez. Bazkide egiteko edo gure produktuak jasotzeko ere erabilgarri izango zaizue webgunea.
| www.bizkaikotrikitixaelkartea.com | bite@bizkaikotrikitixaelkartea.com | Tel. 665 716 390 |